Urretxu-Zumarraga Ikastola

1966ko urriaren 3an ireki zituen ateak Urretxu-Zumarraga Ikastolak, orduan Lourdesko Ama Ikastola. Seme-alabak  euskaraz hezteko eredu propio eta berri bat sortu nahi, eta guraso talde batek Pasiotarren babesean jarri zuen abian  proiektu berria.

Hiru eta sei urte bitarteko ehun haur inguru bildu ziren 1966ko urriko lehen egun haietan Lourdesko Ama Elizaren  lokaletan. Urretxu-Zumarragan, neskak eta mutilak elkarrekin heziko zituen lehen ikastetxea izan zen Ikastola.  Baliabide urriekin eta kreatibitatea landuz hasi ziren ume haiei heziketa ematen. Hasierako urteak zailak izan ziren  arren, aurrera egitea lortu zuten, eta denbora gutxian arrakasta handia lortu zuen.

Pobretasunean bada ere, ikastolaren sustraiak sendotuz joan ziren. Pasiotarren babesean sortutako proiektua  apurka-apurka bere bide propioa egiten hasia zen. Gurasoek ikastolaren titularitatea lortu eta gero, eta 80. urte  hasieran zuzendaritza-aldaketa egin zen.

Urte horietan guztietan Urrretxu-Zumarraga Ikastolak lan  eskerga  egin zuen edukiak sortzen. Euskarazko materialik ez,  eta Ikastolako irakasleak ikasleentzako materialgintzaren  sorreran murgildu ziren. Euskal Herriko ikastola gehienetan erabilitako liburuek Urretxu Zumarraga Ikastolan izan zuten sorburua.

80. hamarkadan mugarri berria izan zuen Ikastolak, eta Batxilergoa euskaraz ikasi ahal izateko aukera zabaldu zien ikasleei Garaialde Lizeoan. Ondoren, haurtzaindegiaren sorrerarekin, hezkuntza eskaintza 0-18 urte bitartean zabaldu zuen.

Egun, kooperatiba Integrala de Urretxu Zumarraga Ikastola eta 683 familiek, 1.079 ikaslek eta 95 langilek osatzen dute. Ikastola buru-belarri murgilduta dago metodologia berrien ezarpenean, eta horri lotutako espazio berrien diseinuan. Lehen pausoa jada emana du Haur Hezkuntzara zuzendutako eraikin berriarekin. Hortik aurrera, Ikastola osoa berrituko da hainbat fasetan, hezkuntza eredu pedagogiko bateratua eskaintzeko 0-18 urteen artean.