Iritzi artikulua

Mikel Egibar
Kilometroak jaiko koordinatzailea
2020-09-26

Izena duena bada!

Ez dakit urte zaila izan dela esateak aurten bizi izandako egoera ongi irudikatzen ote duen. Eta zaila izan ez bada aurtengo errealitatea, konplexua izan dela behintzat baiezta dezakegu. Ez da ohikoa urtebete baino zertxobait gehiago irauten duen Kilometroak ekimenaren dinamika hiruzpalau hilabetez geldirik egotea, pandemia baten ondorioz. Ez da ohikoa, halaber, bere jaiegun handia ospatu baino hilabete  lehenago, Euskal Herriko ikastolen jai guztiak ez direla egingo erabakitzea eta adieraztea. Beraz, Kilometroak jaiaren 2020. urteko ediziorik izan da ala ez da izan?

“Izena duena bada” esan ohi da. Korri, punpa, ttak! izan da aurtengo leloa. Zubimusu ikastola izan da horren sortzailea eta antolatzailea, eta bere ideiak eta jarduerak Amasa-Villabona eta Zizurkilen sortu eta Gipuzkoako lurraldera lorautseztatu dira. Ez al zaizu iruditzen, irakurle maitea, izen asko daudela Kilometrorik izan ez dela esateko?

Maiz esaten dugu Kilometroak tradizioz, urriaren lehenengo igandearekin antolatzen den jaia baino, urte osoko dinamika dela. Aurtengo jarduera oso dinamikoa eta sortzailea izan da. Ekintzaz eta ekimenez beteriko plangintza gauzatu dugu. Zizurkilgo herrigunera joaten naizen bakoitzean, bertan ikusten dut Pello Mari Otañori eskainitako grafitia. Grafiti bat marrazki bat besterik ez da, baina lan horren  atzean gauza asko ezkutatzen dira. 

Kilometroak antolatzeak eta gauzatzeak eskaintzen duen satisfazio handienetarikoa euskara eta euskal kulturaren alde lan egitea da. Pello Mari Otaño horren irudikapena izan da, zalantzarik gabe. Baina lan honen beste onuretariko bat herriko eragileekin sortzen den elkarlana da. Herriko udalekin, bai Villabonarekin, baita Zizurkilgoarekin ere. Herriko eragileekin; Mintzola Ahozko Lantegia, Teodoro Hernandorena kultur Elkartea, Behar Zana, Oinkari, eta abar luze batekin. Eta modu batean edo bestean, modu indibidualean parte hartu duten ehunaka pertsonarekin ere aritu gara elkarlanean.

Urtero, Kilometroak jaia antolatzen ibiltzen garenontzat kezka bera errepikatzen da. Kilometroak “hemendik” beste herri batera doa, baina zein da bertan uzten duen ondarea? Euskara, transmisioa, komunikazioa eta umorea: horiexek dira gure hizkuntza berpizteko behar diren ezaugarriak. Kilometroak ekimenak martxan jarri duen Pello Mari Otaño bekaren bitartez, Aiztondo bailarako gazte bertsolari batzuk zirtoak ikertu eta ikastetxeetara eramateko material didaktikoa prestatzen ari dira. Hori izango da aurten Kilometroak ekimenak herriari eskainiko dion onura preziatua.

Kilometroak ekimenak bide luzea du, aurtengo ospakizuna 44.a da. Duela bost urte, Kilometroak jaia beste eredu baten arabera antolatzeko, “Kilometroak bidea” izeneko hausnarketa-prozesua jarri genuen abian, eta aurtengo Kilometroak edizioak horren aplikazioa izan behar zuen. Artikulu honen hasieran esaten genuen bezala, ez da ohiko urtea izan, eta, horren ondorioz, seguru aski, ez ditugu gauzatu egin nahi genituen gauza guztiak. Baina gauza batez bai harro egon gaitezkeela; hausnarketa-dinamikak lan egiteko mentalitate berri bat jarri du abian,  eta horretan, azpimarratzekoa da, Zubimusu ikastolak ez ezik, Gipuzkoako gainontzeko ikastolek ere izan duten inplikazioa. Oraingo honetan ere auzolana indartuta atera da.

Irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, “Kilometroak historian zehar” erakusketa izango da ikusgai. 1977an hasi eta gaur arte, Kilometroak jaiaren edizio bakoitzak bere “panela” izango du;  44. urtekoa, hain zuzen, Amasa-Villabona-Zizurkilen 2020. urtean antolatu den Kilometroak jaiari dagokiona da. Izan ere, izena duena bada, eta jarraituko du izaten!