Helburua

Zubi bat eta bi alde, hain gertu edo hain urrun.

Askotan hain antzeko eta bestetan hain desberdin.

Zubiek elkartu egin gaitzakete edo banandu.

Zubi ugari dauzkagu Urretxu-Zumarragan. Bi herri gara, bakoitza bere izaerarekin eta berezitasunekin, baina, askotan, baten moduan funtzionatzen dugunak.

Une horietako bat da Kilometroak. Bi herriek bat egin eta elkar lagunduz eta elkar besarkatuz, festa handi bat antolatzeko gai gara. Elkarren artean ditugun zubiak batu eta bakoitzaren indarrak biderkatzeko aukera eskaintzen digu. Bi herri, ibilbide bat eta norabide bat.

Izpiritu hori erabili nahi du Urretxu-Zumarragako Ikastolak aurrean ditugun hainbat erronkei erantzuteko. Ikastola zubi da eta zubi izan nahi du etorkizunean ere gure herrietako alderdi eta ibaiertz desberdinak batzeko helburuarekin.

Zubiak batu nahi ditugu, zubiak indartu:

KONFIANTZAREN zubia

Konfiantza da gure aurrerapausoen giltza.

Konfiantza pedagogian. Konfiantza ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Konfiantza Kilometroak antolatzeko ditugun batzordeen artean.

HARREMANEN zubia

Harremana komunikazioa da, hartu-emana.

Zu hor, ni hemen, baina biok elkarrekin. Harremanik gabe ez dago talderik. Harremanak zaindu nahi ditugu. Elkar errespetatu. Elkarri entzun.

KOMUNITATEAREN zubia/ AUZOLANAREN zubia

Komunitatean, auzolanean, elkarrekin batuko ditugu zubiak.

Taldean egingo dugu lan. Elkarrengandik ikasiz. Desadostasunen aurrean adostasuna bilatuz. Bidean bat eginik. Eraikiz.

PAREKIDETASUNAREN ETA ANIZTASUNAREN zubia

Parekidetasunean hezi nahi ditugu gure haurrak

Parekidetasuna aldarrikatzen dugu, ez berdintasuna. Anitza da gure komunitatea eta aniztasuna aberastasuna da.

EUSKARARA IRISTEKO zubia

Euskara gure egin nahi dugu. Sentitu, gozatu, bizi.

Euskaldun izatea ez da berezkotasunez ematen, eraikuntza kontziente bat da. Ditugun ahultasunak onartu eta euskara gure egin nahi dugu. Zubia zeharkatu nahi dugu.

LEHENGOA, ORAINGOA ETA GEROAREN ARTEKO zubia

Gure ondarea kontuan hartuz, baina garai berrietara irekirik

Mundu garaikideari erantzuna ematen diogu pedagogia berritzaileak erabiliz. Kilometroak antolatzerakoan ere berritzaile izan nahi dugu: gure ikasleak inplikatuz, haiek protagonista bihurtuz.

ZU ETA NI, BI ZUBI

biok gara zubi, biok beharrezko

Zu eta ni. Biok gara zubi. Biok beharrezko. Denon beharra dugu. Denok dugu zer eman, zer eskaini. Kilometroak antolatzea guztion ardura delako... zatozi! Batu!

ZUBIAK BATUZ