Mila esker guztioi!

Luze joan da urtea. Aldapan gora eta behera ibili da Zubizikleta. Bidea laua batzuetan, harritsua beste askotan. Baina, beti aurrera. Gogor eman ditugu pedalkadak Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasle, guraso eta langileek. Oraingo zein lehengoek. Guztiak izan gara gurpilen erradio eta gure indarraz joan da Zubizikleta aurrera. Metroak eta Kilometroak egin ditugu elkarrekin. Eta egingo ditugu!

Kilometroak 2018 bukatu da. Gaurko ekitaldiarekin gure eskerrik beroena eman nahi izan diegu jai honen alde lanean aritutako guztiei. Zuzenean zein zeharka, era batera edo bestera, asko izan dira proiektu honetan parte hartu dutenak. Mila esker guztioi!

Urtea eman dugu zubiak batzen, eta hala jarraituko dugu. Zubizikletak ere ikastolakideen ondoan jarraituko du, ibilian bidea eginez. Jantzia aldatu diogu: Kilometroetako logoen koloreak zeramatzan aurrekoak eta Ikastolako logoaren koloreak oraingoak. Jantzi berria baina bizikleta bera.  Etapa berria, baina oinarri bera: Ikastolako komunitatea.

Etapa berria eta erronka berriak. Zubizikleta birkoloreztatu ondoren, Ikastolaren hurrengo erronkaren logoa margotu dugu guztion artean:euskaraldia. Bertan dugu jada! Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egun euskaraz! Aukeratu zure rola, ahobizi edo belarriprest, eta eman izena! Eta, euskara ere helburu, bertan da Errigora kanpaina: nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka. Aurten ere, errigorarekin bat egingo du Ikastolak eta ,50 €-ren truke, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saski bikaina eskura dezakezu. Nafarroako zonalde zigortuko Ikastolak eta AEk indartzeko eta sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzeko baliatuko da lortutako ekarpena. Eskatu zure saskia azaroaren 14a baino lehen!

Gaurkoan Zubizkiletaren gurpilek esan diguten bezala: batutako zubietatik ibiltzeko garaia da!