Tantaz tanta, 6.438 euro!

Duela bi urte hasitako bideari jarraituz, elkarlanean dihardute Kilometroak Kultur Elkarteak eta Ekolio enpresa zarauztarrak. Erabilitako sukalde-olioa bildu eta, dekantatu eta iragazi ondoren, biodiesela egitera bideratzen du Ekoliok. Hondakina errekurtso bihurtzen dute eta, gainera, bere salmentatik ateratako diruaren %10a proiektu kultural eta sozialetan inbertitzen dute. Aurtengo Kilometroetako antolatzaile izanik, Urretxu-Zumarraga Ikastolari egokitu zaio elkarlanean aritzea eta, ondorioz, fakturazioaren %10a jasotzea: 6.438 euro.

Kilometroak 2018ko Jasangarritasun Batzordeak izan du elkarlana gauzatzearen ardura. Edukiontziak jarri zituzten Ikastolan eta baita herriko zenbait elkarte gastronomiko, taberna eta jatetxetan. Bestalde, Ekoliokoek ikasleentzako xaboi tailerra antolatu zuten, urtean zehar eta baita Kilometroak egunean ere.

Jasangarritasun Batzordearentzat oso positiboa izan da Ekoliorekin elkarlanean aritzea, eta, aurrerantzean ere, olioa biltzen jarraituko du Urretxu-Zumarraga Ikastolak. Olio tantaz tanta, zubiak batzen jarraituko dugu!