Pedalkadaz-pedalkada: Ziklometroak!

Otsailean ospatutako lasterketa izan zen lehena, eta maiatzean egindako Mendimetroak bigarrena. Orain, Zubiak Batuz Triatloiko azken probaren txanda iritsi da: igande arratsaldean, irailak 16, Ziklometroak ospatuko ditugu Kilometroak 2018ren alde.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuta, Gipuzkoako 16 Ikastolaren laguntza izango dugu Ziklometroak proba gauzatzeko. Ahal den neurrian bidegorri sarea erabiliz, Gipuzkoari bira emango diogu erreleboka. Urretxu-Zumarraga Ikastolako txirrindulariak goizean goiz abiatuko dira Legazpiruntz, 07:00etan Ikastolatik. Bertan Haztegi Ikastolako lagunek hartuko dute erreleboa, eta txandan-txandan parte hartuko dute ikastola desberdinek.

Egunari arratsaldeko 19:30ean inguru emango diogu amaiera. Zubizikletaren atzetik iritsiko dira Zumarragako Euskadi plazara azken erreleboko txirrindulariak, Beasaingo Andramendi eta Lazkaoko San Benito Ikastolakoak. Zain izango gaituzte bizikleta gainean, eta haiekin batera egingo ditugu azken metroak.

Hauxe izango da guretzat Zubiak Batuz Triatloiko azken proba: Zumarragako plazatik geltoki aldera joango gara eta, ondoren, Labeaga kaletik Lizeora iritsiko gara. Tropelean joango gara, lasai eta poliki. Ez da lehia gure helburua.

Egun gutxi dituzue bizikleta puntuan jartzeko, ez baitago triatloiko azken proba ez egiteko aitzakiarik. Gainera, ahaleginak izango du saria: triatloiko txartelean hirugarren zigilua ipini eta ziurtagiriak banatuko dira proba amaitzean, Lizeoan.  Goazen pedalkadaz-pedalkada Ziklometroak egitera!

Segurtasun oharrak:

-Kaskoa eramatea derrigorrezkoa da ekitaldian parte hartzeko.

-Bizikletan tropelean joateak dakartzan arriskuez jabe izanda, ume txikien gurasoei eskatzen diegu beraietako batek ere parte hartzea proban, baldin eta beraien seme-alabek bertan parte hartuko badute.

-Parte hartzaileak adinaren arabera ordenatuta sartuko dira ibilbidean, zaharrenetik gazteenera.

-Guztiok Zubizikletaren atzetik joango gara.