PELLO MARI OTAÑO IKERKETA BEKAREN AURKEZPENA

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko xedez antolatutako Pello Mari Otaño ikerketa bekaren aurkezpena urriaren 2an izango da, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, 18:00etan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Aiztondoren zirtotsari buruzko proiektua ezagutu ahalko da aurkezpenean. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira, ondoren haren aplikazioa egin eta eskualdeko ikastetxeetan lantzeko.

Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea” du helburu proiektuak, eta “honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu”. Bilduma egite hutsarekin aski ez eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.

Aurkezpenean izango dira Harituz taldeko Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi, proiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko. Haiekin batera egongo dira Mintzola Ahozko Lantegia-ko Miren Artetxe, Kilometroak Kultur Elkarteko Mikel Egibar, Zubimusu Ikastolako Nerea Zumeaga eta Hernandorena Kultur Elkarteko Joxin Azkue.

Bertso saioa ondoren

Behin ikerketa bekaren inguruko xehetasunak emanda, eta Kilometroak antolatzen ari den egitarau bereziaren barruan, bertso saioa egingo da Zizurkilgo Intxaur frontoian, 19:00etatik aurrera. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira bertsotan. Amaia Agirre izango da saioaren gidaria eta gai jartzailea.

Bertso saiorako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.kilometroak.eus webgunean, Zizurkilgo Iriarte Etxean eta Villabonako Amasa kafetegian. Sarreren prezioa 10 eurokoa izango da.

Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, eta saioan parte hartuko dutenen zein saioa ikustera joango direnen segurtasuna bermatzeko, sarrerak online eskuratzerakoan derrigorrezkoa izango da galdetegi bat betetzea. Sarrerak online erosten dituztenek email bat jasoko dute erreserbarekin eta email hori erakutsi beharko dute frontoira sartu aurretik.

Sarrerak Iriarten zein Amasan erosten dituztenek beraien izen-abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean.