Uztailean ere, buru-belarri irteerak eginez

Opor usaina darion arren, Kilometroak 2018ko denda ibiltariak eta Gure Zozketako irteerek ez dute atsedenik hartuko uztailean. Agenda bete-betea dugu hilaren 1ean hasi eta 31ra bitartean.

Hasteko, igande honetan, Beizaman, Elgetan, Irunen eta Zumaian izango gara, antolatu dituzten azoka ezberdinen karietara. Eta astelehenean, nola ez, Antion, Santa Isabel egunaz gozatzera datozen guztiei harrera eginez.

Zumarragan ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere jaiak dituzte: sanferminak Pasai Antxon, Madalenak Errenterian eta Mutrikun, santiagoak Villabonan, Karmengo jaiak Donostiako portuan, San Kristobal jaiak Eibarren… Antzuolako jaietako Mairuaren Alardera eta Alegiako jaietara ere joango gara.

Jan-edanen inguruan antolatzen diren ekitaldi andana ere badugu uztailean: Bisigu Eguna Orion, sagardo eguna Aizarnazabalen eta Astigarragan, garagardo azoka Villabonan, sardina-jan herrikoia Pasai Donibanen… Horiek ere jomugan izango ditugu.

Uztailaren 13 eta 14an, goierritarrentzat hitzordu garrantzitsu bilakatu den Ehunmilak eta G2 Handiak mendi lasterketaren ingurumarian ibiliko gara Beasainen. Eta uztailaren 25ean, Ordiziako txirrindularitza proban. 

Uztaileko igande guztietan Arantzazu, Larraitz eta Arrate bisitatuko ditugu, sasoi honetan jende andana biltzen duten hiru paraje eder; baita Deba, Orio eta Zarauzko hondartzak ere.

Amaitzeko, San Inazio egunez Loiolan eta Urbian izango gara.

Egun zehatzak jakin nahi izanez gero, gure webguneko egutegian begiratu dezakezue.