Dena prest ostiralean Kilometroak txikia ospatzeko

Ikasturte amaiera iritsi den honetan, geroz eta gertuago dugu Kilometroak eguna. Motorrak berotzeko, Kilometroak txikia ospatuko dugu ostiralean. Kilometroak eguneko osagai berdinak izango ditu festak: hasiera ekitaldia, omenaldia, ibilbidea, guneak… Izenak dioen bezala, Kilometroak eguna irudikatuko da, baina txikian.

Arratsaldeko seietan, Ikastolan, hasiko da jaia. Ikasleek emango digute ongi etorria eta, ondoren, Kilometroak egunean bezala, omenaldia egingo da: Ikastolako mendi taldea omenduko da.1982ko urriaren 3an egin zuen mendi taldeak lehen irteera, Irimora. Aurreneko hark ekarri zuen hurrengo bat, eta beste bat, eta beste bat…. gaur arte. Euskal Herriko makina bat tontor eta bazter ezagutu dituzte ikasleek mendi taldeari esker. Lehengo eta oraingo taldekideei egingo zaie omenaldia.

Omenaldiaren ondoren, zirkuitua ireki eta bideari ekingo diogu Zubizikletaren atzetik. Lau gune ditu ibilbideak: Ikastola, Zumarragako plaza, Areizaga-Kalebarren plaza eta Lizeoa. Adin guztietako haurrentzako jolas eta tailerrak egongo dira, batxilergoko ikasleek gidatuta. Musikak ere izango du tartea egitarauan: Lizeoko Batuz batukadaren erritmo biziak alaituko ditu kaleak eta Ikastolako abesbatzak kontzertua eskainiko du Areizaga-Kalebarren plazan.

Afaria eta zirkuituaren aurkezpena

Festari amaiera borobila emateko elkarrekin afalduko dugu Lizeoan, eta, afalostean, 22:00ak aldera, Kilometroen eguneko zirkuitua aurkeztuko da. Segurtasun eta Zirkuitu batzordeek gogotik egin dute lan, eta urriaren 7an egingo dugun ibilbidea erakutsiko digute. Jarraian dantzaldia egongo da, Zunbalainen eskutik.

Kilometroak txikia, beraz, festa handia izango da, ezbairik gabe.