Datorren ostiralean aurkeztuko dugu Kilometroak 2018ko kanta eta bideoklipa

Hasi da atzera kontaketa: astebete besterik ez da geratzen Kilometroak 2018ko kanta eta bideoklipa aurkezteko. Ekitaldia datorren ostiralean izango da, apirilaren 20an, 19:30ean, Gernikako Arbola plazan.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak herriko beste eragile batzuekin batu ditu zubiak: Secundino Esnaola Musika Eskolak egin du kantaren melodia, eta Bertso Eskolak idatzi du letra. Abeslari lanetan Uxue Kerejeta, Maddi Martin eta Sergio Patxuko aritu dira, Musika Eskolako abesbatzak lagunduta. Instrumentuak astintzen, berriz, Musika Eskolako irakasleak.

Aurkezpen ekitaldian, orain arte isilpean gordeta egon den kanta zuzenean eskainiko digute protagonistek, eta estreinakoz, bideoklipa ikusteko aukera izango dugu.

Sorpresa agerian utzi aurretik, giroa berotzeko, aurreko Kilometroetako hainbat kanta taularatuko dituzte Ikastolako ikasleek, “play-back” modura. Eta oraingoan, zubiak beste ikastola batzuekin batuko ditugu: Legazpi, Bergara, Oñati eta Zarauzko Ikastoletako gaztetxoak ere etorriko baitira euren edizioko abestia dantzatzera.

Egindako lan bikainaz harro dago Kilometroak 2018ko kantaren eta bideokliparen sorkuntzan aritu den lan taldea, eta herritarrei aurkezteko irrikaz. Urriaren 7ko egun handia iritsi bitarte denok ikasiko dugun doinua ezagutu ostean, elkarrekin mokadutxo bat hartzeko aukera izango dugu txozna batzordearen eskutik, eta Kilometroetako arropa eta osagarriak ere salgai egongo dira.

Abesteko eta dantzatzeko gogoz? Zatoz! Primeran pasako dugu!