Kilometroak 2018ko komunikazio ildoa bertsotan

Zubiak batuz dugu lema eta, era berean, helburu. Zubiak batu nahi ditu Ikastolak eta zubi horiek ditu ardatz Kilometroak 2018ko komunikazio ildoak. Azaroaren 17an egindako aurkezpen ekitaldian bertsotan aurkeztu zuen Ikastolak ildoa. Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasle ohi diren Mikel Iturriotz eta Uxue Fernandez bertsolariek egin eta kantatu zituzten bertsoak.

Hona hemen bertsoak:

Doinua: Oi kanta berri

 

1. KONFIANTZAREN ZUBIA

Hezteko bide eta moldeak

pertsona ororen ardatza,

pedagogian gaitasun denek

orekatzeko balantza,

begirunetik, errespetutik,

nahiz inoiz sortu zalantza,

segurtasuna sentiaraziz

ereiten da konfiantza.

 

 

2. HARREMANEN ZUBIA

Ildo ezberdinak uztartuz nola

aurrera doazen planak

egin behar dira barne nahiz kanpo

harremanen zubi-lanak

aintzat hartuaz entzunak eta

zuzen landuaz esanak

bai hartu eta bai ematean

datzalako harremanak

 

 

3. KOMUNITATEA/AUZOLANAREN ZUBIA

Mailarik maila, urterik urte

eten gabeko katea

sendotuz doa elkarlanean

ilusioz jo ta kea.

Ikastola da famili handi bat,

denon komunitatea,

ta auzolan honek ahalbidetuko

digu herri izatea.

 

 

4. ANIZTASUNAREN ZUBIA

Genero, arraza, identitate

eta mila pentsakera

gu bizi geran mundua hauek

guztien zapaltzaile da

proiektu hontan buru-belarri

lanean jardungo gera

zubi handi bat eraiki nahian

aniztasuna lortzera

 

5. EUSKARAREN ZUBIA

Hizkuntza baten bizi-indarra

da hurrengoen herentzia,

norbere etxetik hasi behar da

ez utzi gutxietsia,

lehen hitzetik elkarrizketan

mantendu koherentzia,

kalerik kale mingainez mingain

piztu euskal kontzientzia.

 

6. LEHENGOA, ORAINGOA ETA GEROKOAREN ARTEKO ZUBIA

Nola denbora urratsez urrats

aurrerantza doan zuzen

hemen garaien arteko zubi

bat hain beharrezkoa zen

orain, iragan eta geroa

uztartzen saia gaitezen

nondik gatozen buruan eta

jakinda nora goazen